Iazko arrakastaren ostean, orain dela pare bat aste hasi
ziren lanean berriro ere Arrasate Eskubaloi Taldeko mutilak. Aurten hiru baja
garrantzitsu izango dituzte, tartean Nestor Calleja kapitainarena. Guk taldeko
beteranoetako batekin hitz egin dugu: Xabi Altzelai.
Iazkoa denboraldi ahaztezina izan zen Arrasate
Eskubaloi Taldearentzat, Euskadiko txapeldun izateaz gain, 1. Nazional mailara
igotzeko baliagarriak ziren bi faseak ere jokatu baitzituzten. Zoritxarrez, Ane
Herreroren mutilek ez zuten merezitako saria jaso, eta aurten berriro ere 2.
Nazionalean lehiatuko dute. Taldeak aurten baja garrantzitsuak izan ditu,
tartean Nestor Calleja kapitainarena, kirol-ibilbide luzearen ostean eskubaloia
uztea erabaki baitu. Xabi Altzelaik (Arrasate, 1985) ere urte dezente daramatza
Ford Mugarriko elastikoa defendatzen, 13 urte zituela hasi baitzen kirol hau
praktikatzen. Taldearen gorabeherez, eta aurtengo denboraldiko aurreikuspenei
buruz hitz egiteko, hitzordua izan dugu berarekin.
Orain direla bizpahiru aste ekin zenioten
aurre-denboraldiari. Zelan joan dira aurreneko lansaioak?
Printzipioz ondo; dena den, hasieran sufritu beharra dago, udako etenaldiaren
ostean hankak gogor igartzen batira. Hala eta guztiz ere, gogotsu eta ilusioz
beterik ekin diogu aurre-denboraldiari. Hasierako entrenamendu hauetan beti lan
fisikoaren karga oso handia da, horregatik hein handi batean aspergarriak dira,
are eta gehiago uda partean kirola baztertuta uzten dugula aintzat hartuta.
Dena den, denboraldiari behar bezala ekiteko egin beharreko lana ere da honako
hau.
Zeintzuk dira taldeak aurten dituen berritasunak?
Aurpegi berrien artean, Oskarrek jauzia egin du jubenil mailatik lehenengo
taldera. Iazko denboraldiarekin alderatuz, aurten berritasun gutxi dauzkagu,
hori baita jokalari berri bakarra. Joan direnen artean, berriz, hiru baja
dauzkagu: Nestor Calleja kapitaina erretiratu da, eta Larrañaga anaiek ere alde
egin dute: Asier Ohorezko Mailan arituko da eta Mikel Eibarren. Era berean,
Australia aldetik dabilen Aitor Txabarri urtarrilean taldera itzuliko dela
azpimarratu beharra dago.
Lortuko al duzue aurten iazko arrakasta errepikatzea?
Aurten zailagoa izango da, jende gutxiago baitaukagu. Dena den, saiatuko
gara aurreko urteko helburua errepikatzen, eta ahal bada mailaz igotzen. Esaten
dute hirugarren saiakeran lortzen direla helburuak, dena den, horretarako
gogotik egin beharko dugu lan. Aurten, gainera, gure kategorian bi talde berri
egongo dira: Trapaga eta Urdaneta.
Zeintzuk izango dira aurtengo zailtasunik handienak?
Lehen esan dudan moduan, aurreko urtearekin alderatuz jende gutxiago egongo
gara taldean, eta horrek partiduetan ordezko jokalari gutxiago izatea suposatuko
du. Nire uste apalean, hori izan daiteke aurten izango dugun zailtasunik
handiena. Egia da hegaleko jokalari dezente dauzkagula, baina ez da gauza bera
gertatzen alero edo lehen lerroko jokalariekin. Zonalde horretarako lau
pertsona baino ez gaude, eta denboraldia oso luzea denez, litekeena da jende
falta horrek burukominen bat eragitea aurten.
2011-2012 denboraldiko taldea, aurten jokalari
gutxiago arituko dira Ford Mugarriko elastikoarekin.
Calleja moduko jokalari beterano batek taldea utzi ostean,
zeinek beteko du bere lekua?
Ez dakit zeinek beteko duen bere tokia. Badago jende asko hainbat urte
daramatzana eskubaloian jokatzen, dena den, guztien artean bat aipatzekotan Kepa
Isasmendi nabarmenduko nuke. Maila handiko jokalaria da, eta horretaz gain
esperientzia ere soberan dauka.
Zein da taldearen indargune nagusia? Eta ahulgunea?
Jokalari azkarrak gara, eta kontraerasoan min handia egiten diegu aurkariei,
batez ere pare bat jaurtitzaile oso onak ditugulako: Isasmendi bera eta Bernal.
Hori da gure indargune nagusia. Ahulgunea, berriz, atzealdean dagoela esango
nuke nik. Defentsako lana hobetu behar dugu.
Klubari begira, zelan ikusten duzu harrobiaren egoera?
Aurten kadete mailan taldea atera nahi dute, dena den, zaila izaten da
neska-mutikoek eskubaloian jokatzera animatzea. Gehienek futbola baino ez
daukate buruan, eta ez dira konturatzen eskubaloia moduko beste kirol
erakargarri batzuk ere hor egon badaudela. Gaur egun jubenil mailan talde
polita daukagu, baina harrobia oinarritik landu beharra dago, eta horretarako
ezinbestekoa da infantil edo kadete mailan jokalariak izatea.
Zein da eskubaloiaren egoera Euskal Herrian?
Maila altua egon badago, eta horren adierazgarri iaz Zarautz eta Ereintza
Ohorezko Mailara igo izana da. Eibar moduko taldeetan ere gazte asko daude,
guztiak maila altukoak eta etorkizun handiarekin.
Zeintzuk dira klubaren zailtasunik handienak?
Betidanik zailtasun nagusia ekonomikoa izan da. Eskubaloia gutxiengoan
dagoen kirola da, eta diru-laguntza gutxi jasotzen ditu. Honetaz gain, kluben
barruan hainbat arazo sortzen dira eta lan asko egin beharra dago, eta horri
aurre egiteko ezinbestekoa da jendearen laguntza, tartean jokalariena.
Taldeko beteranoenen artean egon bazaude, noiz eta nola
hasi zinen eskubaloian?
13 urterekin hasi nintzen, Eskola Kirola amaitu ostean. Garai horretan kirol
bat aukeratu behar genuela esan ziguten, eta bai nik eta baita koadrilakoek ere
eskubaloiaren aldeko apustua egin genuen. Orduz geroztik, urtetik urtera
jarraitu izan dut kirol hau praktikatzen, eta sekula ez naiz damutu egindako
apustuaz.
Denbora honetan guztian, zein izan da unerik gogorrena?
Eta Oroitzapenik politena?
Niri begira, lesioak. Iaz, adibidez, zuntzen haustura izan nuen sorbalda
aldean, eta horixe izan da agian nire kirol-ibilbideko unerik gogorrena.
Oroitzapenik politena, berriz, iaz bizi izandako esperientzia da. Igoera fasea
jokatzera kanpora joatea esperientzia ahaztezina izan zen, nahiz eta azkenean
helburua ez bete.
Zer esango zenieke herriko gaztetxoei?
Lehen esan dudan moduan, futbolaz gain beste kirol oso erakargarriak ere egon
badaudela. Ez izateko burugogor eta eskubaloia frogatzeko, kirol oso polita
baita. Zaleak ere ez ditut ahaztu nahi, Iturripera taldea animatzera etortzeko
deia luzatuko nieke, hori oso lagungarria baita guretzat.