“Eskubaloian aritu diren horien laguntza asko eskertuko genuke"
Arrasate Eskubaloi taldean aurre-denboraldiko aurreneko partiduak jokatuko ditu asteburu honetan, “Pitxi” Herrero memorialaren barnean. Andoni Arando zuzendaritzako kidearekin egon gara, eta klubaren inguruko berritasunak eman dizkigu.
Iaz egindako lan onaren ostean, Arrasate Eskubalo taldeak ilusioz beterik ekingo dio denboraldi berriari aurten. Aurre-denboraldiko aurreneko hitzordua asteburu honetan bertan izango dute, “Pitxi” Herrero memoriala jokatu baita Iturripen. Zuzendaritzako kideak buru belarri dabiltza lanean denboraldi berria prestatzen, eta Andoni Arando ez da salbuespena. Arrasate eta Legorreta artean bizi da, eta azaldu digunez, taldean ibilitakoen laguntza asko eskertuko lukete zuzendaritzakoek. Herriko eskubaloi taldeak aurtengo denboraldirako dituen berritasunen berri eman digu Arandok.
Denboraldi berri bati ekingo diozue gutxi barru, zeintzuk dira berritasun nagusiak?
Talde kopuruari dagokionez ez da berritasun handirik egongo. Senior mailan bi taldeak mantenduko ditugu, bata 2. Nazionalekoa,Euskadi mailan jokatzen duena, eta bestea Gipuzkoako txapelketan 1. mailan arituko da iaz igoera lortu ondoren. Hauetaz gain, nesken jubenil mailako taldeak eta mutiletan kadeteko taldeak ere aurrera jarraituko dute. Azkenik, infantil mailan ere mutil taldea ateratzekotan gaude.
Berritasun garrantzitsuenak, baina, entrenatzaileen inguruan etorriko dira. Azken bi urtetan nazional mailako taldearen arduraduna izan den Edu Orgaz entrenatzaileak laguntzaile bat izango du, bigarren taldeko Angel Moraleja. Eduren gidaritzapean prestatuko dira entrenamendu saioak eta pretakuntza fisikoa, eta liga txapelketa bien artean eramango dute. Lana ondo egingo dutenaren itxaropena daukagu.
Senior mailako bigarren taldeari dagokionez, Miguel Angel Salterain izango da entrenatzailea. Iaz delegatu lanak egin zituen, eta urte hauetan guztietan jokalari eta delegatua izan ostean, hartutako esperientziak asko lagunduko die bigarren taldeko mutil gazteei. Jubenil mailako nesketan, eta kadete eta infantiletako mutilen ekipoetan ez da entrenatzaile aldaketarik izango. Litekeena da kadeteetan Ane Herrero entrenatzaile bezala hastea, halere hori konfirmatzeke dago.
Zeintzuk izango dira bajak?
Zenbait baja izango dira talde ezberdinetan. Lehenengo taldeari dagokionez hiru jokalarik egin dute alde: Aitor Eskibel, Pello Olaberria eta Igor Egaña. Hirurak arrazoi ezberdinengatik utzi dute taldea, batak lan ordu arazoengatik, bigarrenak belauneko lesio batengatik eta azkena Tolosara joan da bizitzera eta bertako taldean jokatzea erabaki du. Bigarren taldean ere zenbait baja egongo dira. Entrenatzailez aldatuko dugu eta hainbat jokalarik taldea uztea erabaki dute: Jon Lombide, Ander García eta Mikel Sarrao. Lana eta lesioak izan dira kasu hauetan ere arrazoi nagusiak.
Iaz oso gutxigatik ez zineten sailkatu igoera faserako, aurten erronka nagusia mailaz igotzea al da?
Aitortu beharra daukat iazko denboraldia ia ia borobila suertatu zela Ford Mugarri Arrasate taldearentzat. Denek, bai entrenatzaile eta baita jokalariek ere lan ikaragarri egin zuten. Oso emaitza onak lortu zituzten denboraldi guztian zehar, eta 2 puntu eskasengatik azkenean igoera fasea jokatu barik geratu ginen. Iazkoa meritu handiko denboraldia izan zen, lehenengo bi postuetan sailkatu ziren taldeak Barakaldo eta Egiak mailaz igotzea lortu dute, hortaz hasieran behintzat gure taldea indartsuenen artean kokatu dezakegu. Halere, ezin ditugu beste taldeak gutxietsi, maila honetan ekipo guztiek baitaukate gaitasuna edozeini irabazteko. Indartsuenen artean, Arrasatez gain, Urduliz, Askartza edota Basauri bezalako taldeak daude, urtero jokalari aldaketa dezente egiten dituzte horietakoak.
Dena den, denboraldia hasi baino lehen ez da erraza aurreratzea bakoitza non egongo den. Gure helburua, iaz bezala, lehenengo 4 taldeen artean sailkatzea izango da, eta ahal bada lehenengo bien artean sartu igoera fasea jokatzeko. Baina, aipatu dudan moduan,jokalari batzuk faltako dira, eta horregatik hasieran baldintza berri hauetara ahalik eta azkarren moldatzea izango da garrantzitsuena taldearentzat. Ea taldea utzi duten jokalarien hutsuneak betetzen ditugun, eta iazko joko-moldeari eusteko gai garen.
Bigarren taldea ere aipatu beharra dago, eta honen erronka beste bat izango da. Jokalari gazteak dauzkagu hemen, eta iaz igoera lortu ostean gogor datoz. Aurtengo helburua maila mantendu, eta ahalik eta gorenen gelditzea izango da. Helburua zaila da, baina era berean erronka polita.
Zeintzuk izango dira zailtasunik handienak?
Aurrez aipatu bezala, taldean egon diren aldaketei ahalik eta azkarren moldatzea izango da erronka. Jokalari kopuruaren aldetik ez daukagu oso talde zabala, baina filialean dauden gazteez baliatuko gara denboraldian zehar izan daitezkeen hutsuneak betetzeko. Espero dugu iaz bezala lesio gutxi izatea, eta talde dinamika ona eramateko gai izatea bigarren taldeko jokalarien laguntzaz. Gure kategoriako ekipoak urtero eraberritzen dira, gehienbat Bizkaia aldean. Gure kasuan, aurten behintzat ez dugu inor berririk ekarriko, harrobiari helduko baitiogu.
Asteburu honetan Pitxi Herrero memoriala jokatuko da, zein taldek hartuko dute parte?
Bai, horrela da. Urteroko aurre-denboraldi hasieratan bezala, irailak 11 eta 12an Jesus Maria Herrero “Pitxi”-ren omenezko memoriala jokatuko da Iturripen. Aurten ere bi jardunaldi izango ditu memorialak, eta bertan lau taldek hartuko dute parte: Ford Mugarri Arrasate, J.D. Arrate, Ereintza eta Gure Auzune gasteiztarrak. Arrate eta Ereintza 1. Nazionaleko taldeak dira, eta beraien arteko lehiak jarriko du gure torneoa martxan larunbata, arratsaldeko 4:00etan. Bigarren norgehiagokan, aldiz, etxeko taldeak Gure Auzune taldeari egingo dio aurre arratsaldeko 18:00etan. Larunbateko irabazleek igande goizean jokatuko dute finala, 12:15etatik aurrera. Hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko, zapatuko galtzaileek 10:30etatik aurrera elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak.
Partidu guztiak Iturripen izango dira, eta aurten gainera igandean jokatuko den finalaren atsedenaldian ekintza berezi bat egingo dugu, izan ere hainbat urtetan Almen K.E. eta Arrasate Eskubaloiko zenbait taldeetako delegatua izandako Manolo Lopezek omenaldia jasoko du. Manolo gaixotasun baten ondorioz hil egin zen, eta gogoan edukiko dugu eskubaloiaren alde egindako lanagatik.
Oro har, esan daiteke Arrasate Eskubaloi taldeko harrobia osasuntsu dagoela?
Talde guztiak kontuan hartuta, 60-70 jokalari izango ditugu aurten klubean. Urtero zailtasun handiak izaten ditugu infantilen taldea osatzeko. Gazteak futbola eta saskibaloiari buruz telebista eta egunkarietan jasotzen duten informazioak eskubaloia, errugbia edo pilota bezalako kirolak gutxiestera eramaten du. Beraien aurreneko aukeraketetan normalean futbola eta saskibaloia egoten dira, eta horrela eskubaloirako gazte gutxi gelditzen dira. Halere, urtero taldetxoa ateratzeko gai izan gara, eta aurrera jarraitzeko asmo eta ilusioz beterik gaude.
Senior mailako bigarren taldean zentratuz, jokalari gehienak gazteak dira, eta lehenengo taldean jokatzeko aukerak dituzte orain arte erakutsi digutenaren arabera. Aurreko denboraldian bigarren postuan amaitu zuten liga txapelketa, eta mailaz igotzea lortu zuten. Gauzak horrela, esan dezakegu kadete, infantil eta bigarren taldearekin pozik gaudela.
Nesken taldeak, ordea, jarraipen gutxi izaten du. Jokalari aldaketa asko egoten da denboraldi batetik bestera, eta urtero taldea berregituratu behar izaten dugu. Hala eta guztiz ere, gogoz eta ilusioz gauzak lortzea da gure helburua, eta horretan jarraituko dugu lanean.
Zaletasun handia dago eskubaloiaren esparruan Arrasaten?
Lehen aipatu bezala, gure gizarteko kirol munduan futbola eta saskibaloia dira errege. Gazteek egunero izaten dituzte bi kirol hauei buruzko partidu, informazio, argazki... eta eskubaloiaren kasuan protagonismoa askoz txikiagoa da. Hala eta guztiz ere, zenbait gaztek urtero erabakitzen dute eskubaloiaren mundua ezagutzea, eta pixkanaka jende berria etortzen da taldera.
Behar bada, gehien faltan botatzen duguna aurrez jokalari izandako jendearen laguntza da. Taldeak antolatu, bilerak, federazioarengana joan, entrenamenduak, partiduak eta horrelako gauzak antolatzeko jende gutxi gaude. Maiz pentsatu izan dugu eskubaloi munduan sartuta egon diren horien laguntza asko eskertuko genukeela. Jakin badakigu Arrasateko jende asko izan dela eskubaloian jokatzen gure klubean, eta gehienetan jokatzeari uzten diotenean Iturripera etortzeari ere uzten diote. Pena bat da, baina hala gertatzen da.
Gure klubeko zuzendaritza osatzen dugunon partez zera esan nahi nuke: eskubaloian aritu diren horien laguntza, gutxi izanda ere, asko eskertuko genukeela denboraldi guztiaren zama arintzen lagunduko bailigute.
Partiduetara zale asko joaten dira?
Egia esan, azken urteetan senior mailako taldeek lortu dituzten emaitzak ikusita, ez. Azken bost urteetan mailaz igotzea bi aldiz lortu dugu, Gipuzkoako kopako bi finaletan izan gara eta horietako bat irabazi dugu. Partiduen maila oro har ona dela esan dezakegu, halere Nazional mailan ohikoa den baino zale gutxiago etortzen dira Iturripe edo Musakolara. Gehienetan familiakoak, neska-lagunak eta koadrilako lagunak egoten dira harmailetan, eta partiduetara jende gehiago hurbiltzea gustatuko litzaiguke.
Babes gehiago behar duzue?
Iazko eta aurtengo denboraldiak gogorrak izan dira, ekonomiari begiratuz behintzat. Krisia dela eta enpresa eta herriko dendarien laguntzak jaitsi egin dira, eta beraien laguntza asko eskertzen dugun harren, oso zaila izaten da urtero diru kontuak buruhausterik ez ematea. Udalaren laguntzak ere ez dira oso altuak, eta zaila izaten da dena behar bezala orekatzea. Bezero berriak bilatzen ditugu, eta baita diru sarrera ezberdinak ere, baina gure bailaran dagoen kirol aukera, klub eta talde kopurua ikusita denentzat laguntzak egotea oso zaila da.
Zerbait gehitzerik nahi?
Denboraldi osoan zehar zailtasun handirik ez duten hainbat lan egin behar izaten dira klubean, eta horretarako, eskubaloian aritu diren jokalari ohiei deia luzatuko nieke. Laguntza emateko aukera izango balute asko eskertuko genieke, delegatu gisa edo entrenatzaile laguntzaile gisa aritzeko adibidez.
MONDRABERRI
Isei Barbero / 2010eko irailak 10, ostirala
No hay comentarios:
Publicar un comentario