13 septiembre, 2010

VI. Memoriala Jesus Maria Herrero "Pitxi"

VI. Jesus Herrero “Pitxi” memoriala J.D. Arrate taldeak irabazi du
Asteburuan zehar urtero ospatzen duten “Pitxi”ren oroimenezko memoriala jokatu da. Bertan Arrate, Ereintza, Gure Auzune eta Ford Mugarri izan dira norgehiagokan. Igandeko finalean eibartarrak Ford Mugarri taldearen aurrean 21-32ko emaitzaz nagusitu dira.

Larunbatean eman zioten ofizialki denboraldiari hasiera Ford Mugarri taldeko jokalariek VI. Jesus Herrero “Pitxi” memorialarekin. Larunbatean partidu bi jokatu ostean, igandean laugarren eta hirugarren, eta bigarren eta lehen postuak erabaki dira. Finala Ford Mugarrikoek eta Arratekoek jokatu dute eta azken hauek beren nagusitasuna erakutsi dute partidu guztian zehar. Azkenean, 21-32ko emaitzaz, Eibarrera joan da VI. Jesus Herrero memorialaren trofeoa.

Larunbatean arratsaldeko 16:00etan Arrate eta Ereintza errenteriarrak izan ziren lehen partidua jokatu zutenak. Bi hauek Lehenengo Nazional mailakoak izanda, kalitatezko partidu berdindua eskaini zioten ikuslegoari. Partiduaren bukaeran Arrate nagusitu zen bi goleko abantailarekin. Arratsaldeko 18:00etan jokatu zen bigarren partidua, Euskadiko Txapelketako bi talde izan ziren protagonista; Gure Auzune talde gasteiztarra eta Arrasateko Ford Mugarri. Bertan etxekoak erraztasunez irabazi zuten partidua 32-17ko emaitzaz.
Gasteiztarren taldean baja ugari zegoen, izan ere bost jokalari garrantzitsu falta zitzaizkien. Dena den, erritmo biziko partidu ikusteko aukera izan genuen eta Edu Orgaz-en mutilek hasiera hasieratik hartu zuten abantaila markagailuan, atsedenaldirako 14-07 aurretik jarri ziren. Bigarren zatian aldea handituz joan zen eta aipatzeko izan zen taldeko partaide guztien lana. Hauek izan ziren partiduan parte hartu zutenak; Ekaitz, Asier, Alzelai (6), Zubiaurre (2), Masip (2), Corbella (1), Jorge (2), Gruceta (1), Aldanondo (4), Nestor (7), Josu (3), Zuloaga (2) eta Joseba (3).

Igandean berriz, goizeko 10:30etan ekin diote berriro txapelketa honi eta Ereintza eta Gure Auzune izan dira kantxara irten diren lehenak. Partidu honetan errenteriarrek irabazi dute 29-27ko emaitzaz eta hala, hirugarren postuan geratu dira; Gasteizekoak, ostera, laugarren geratu dira. Honen ostean, eguerdiko 12:15etan, VI. Jesus Herrero “Pitxi” memorialaren finala jokatu dute arrasatearrek Lehenengo Nazional mailako Arrateren aurka.

Intentsitatez eta gogor kantxaratu dira etxekoak, defentsa ona erakutsi dute hasiera minutuetan eta markagailuan aurretik izan dira tarte honetan. 16. minutuan lortu dute eibartarrek aurretik jartzea, 6-7ko emaitzaz. Momentu honetatik aurrera beren nagusitasuna erakutsi dute kanpokoek eta poliki-poliki markagailuan tartea zabaltzea lortu dute. Ford Mugarri Arrasate taldean aurpegi berri asko izan dira eta erritmo biziari jarraitzeko lanak izan dituzte taldeko gazteenek. Atsedenaldirako 8-14ko emaitza erakusten zuen markagailuak.


Atsedenaldian, partiduari berriro ekin aurretik, duela hilabete batzuk zendutako Manolo Lopezen oroimenez minutu bateko isilunea izan da eta ostean, oroigarri bat eman diote Lopezen alargunari.




Bigarren zatia hasi eta eibartarrek inposatu dute partiduaren erritmoa. Arrasatearrak eusten saiatu diren arren, bi taldeen arteko tartea nabarmen zabaldu da. Itxura ona erakutsi du denboraldi berriaren hasieran etxeko taldeak, baina bi taldeen arteko aldeari ezin izan diote erantzun. Azkenean, Eibarreko Arratek eraman du etxera VI. Jesus Herrero memorialaren torneoa, eta berau Josu Herrero jokalariaren eskutik jaso dute, Jesus Herreroren semea.


Finalean Arrasatekoen aldetik partiduan jokatu duten mutilak hauek izan dira: Valle, Salterain, Alzelai (2), Nestor (7), Aldanondo (2), Jorge, Zuloaga (3), Gruceta, Joseba (1), Josu (5), Oier eta Zubiaurre (1).

No hay comentarios:

Publicar un comentario