08 septiembre, 2011

Ane Herrero: "Eskubaloiak etxekooi balio digu aitarengandik gertu jarraitzeko"
2011-09-08
Ane Herrero (Arrasate, 1991) da Ford Mugarri Arrasateko entrenatzaile berria. Edu Orgaz ordezkatuko du, eta bera baino hamar urte nagusiagoak diren jokalariak zuzenduko ditu, baita anaia Josu ere. Baina horrek ez du kikiltzen. Aitak, Pitxi Herrero zenak, utzitako lekua hartuko du, eta berbetan hastearekin batera agerian geratzen da noren alaba den; taldea zuzentzeko karakterrik ez da faltako kantxan.
Gazte egin duzu entrenatzaileen aulkira salto.
Bai. Eskubaloian jokatzeari utzi nion –Akaba Bera Beran, Gipuzkoako eta Espainiako selekzioekin jokatu ostean– eta Arrasaten kadete mailako taldea entrenatzen hasi nintzen, eskubaloiarekin harremana ez galtzearren. Liga amaieran Ford Mugarriko igoera fasea jarraitu nuen Bartzelonan, eta Edu Orgazek taldea utzi behar zuenez entrenatzaile izateko proposamena egin zidaten. Egia esateko, beharrak bultzatuta iritsi naiz taldeko entrenatzaile izatera, jendea eskubaloian jokatzeko prest dago, baina entrenatzaile izateko...

Zer moduz lehenengo aste hauetan?
Oso ondo, ni pozik nago jokalarien jarrerarekin. Egia da gaztea izateaz gainera emakumezko gutxi ikusten ditugula gizonezkoen taldeak entrenatzen, batez ere eskubaloian. Eta egia da askok haur bat nintzenetik ezagutzen nautela, umetatik ordu mordoa pasa ditudalako Iturripen, aitaren ondoan. Baina, hemengo jokalariek ez dute inongo arazorik emakume baten aginduak betetzeko [Barre].

Duela gutxi entzun dut entrenatzaile izateko bi gauza behar direla: karakterra , eta gauzak garbi izatea.
Erabat ados nago horrekin. Oso garrantzitsua da jakitea eurak jokalariak direla eta norbera entrenatzailea. Eta entrenatzaileak esaten dituenak betetzeko daudela, nahiz eta nire kasuan, moldaketak onartzen ditudan.
Horiek guztiak aitarengatik ikasi nituen, eta garbi utzi nituen lehenengo egunean.

Eta entrenatzaile moduan, zelakoa da Ane Herrero?
Gogorra, seguru. Baina kontuan izan behar dugu denok garela pertsonak, eta gauzak esaterakoan elkarrekiko errespetua dagoela gauza guztien gainetik. Horrekin batera, jokalarien proposamenak onartzen dituen horietakoa naiz. Duela gutxi utzi diot jokalari izateari, eta hori igarri egingo da, badakidalako jokalariek sarri beste ikuspuntu bat izaten dutela. Entrenatzailea ezin da guztiaz konturatu.

Azken urteotan emaitza onak lortu dira taldean.
Bai, Eduk [Orgaz] oso lan ona egin duela uste dut. Lehenago ere jendeak bazekien eskubaloian ondo jokatzen, baina Eduk ideia berriak ekarri zituen, esperientzia handia duen entrenatzailea da, eta seriotasuna edota profesionalismotik gertuago egoteko pausoa eman zuen taldean; akaso, hori zen lehendik falta zen puntutxoa. Zaila izango da maila horri eustea, baina horretan ahaleginduko gara.

Zein izango da aurtengo helburua? Egin duzue horren gainean berba?
Oraindik ez dugu helburuen gainean berba egin, baina partidu guztiak irabaztea gustatzen zaigun horietakoak gara [Barre]. Egia esateko ni ez naiz aurretik helburu zorrotzak jartzearen aldekoa, taldeari presioa gehitzea delako. Zorrotza naiz nire buruaz, eta baita jokalariekin ere.
Dena dela, aurten jendea oso pozik itzuli da Bartzelonan jokatutako igoera fasetik, nahiz eta partidu guztiak galdu genituen. Talde giro aparta izan genuen, esperientzia ederra, eta jendea hori errepikatzeko gogoz dago. Badakigu horretarako lan handia dugula aurretik, baina nahiago dut partiduz partidu ikustea kontrarioek ze maila duten, eta baita gu non gauden ere.

Hutsuneak izango dira taldean, baina baita aurpegi berriak ere. Fitxaketa onak egin dituzue.
Jonan Eskibelek taldea utziko du, aita izan berri delako, eta dena bateratzea zaila delako. Aitor Aldanondok ere asmo bera zuen, baina harekin berba eginda konbentzitu dut taldean jarrai dezan, eta ahal duen guztian lagunduko gaitu.
Bestalde, taldea oso ondo indartu dugula uste dut. Bidasoan jokatzen ibili den Aitor Txabarri atezaina etxera itzuli da berriro ere, eta duen mailagatik, eta esperientziagatik, oso ondo etorriko zaigu. Aitorrekin hiru atezain izango ditugu taldean, baina garrantzitsuena da hirurak direla maila oso onekoak. Aitorrekin batera Andoni Bernal oñatiarra ere Ford Mugarrira bueltatuko da, Arrate taldetik dator, eta oso pozik gaude Andoniren itzulerarekin. Eta, Arraten ibili diren beste bi jokalari gurekin dabiltza entrenatzen, baina oraindik ez dakigu ze erabaki hartuko duten.

Amaitzeko, ikustekoa da etxekook zelan bete duzuen Pitxi Herrerok klubean utzi zuen hutsunea.
Ezin zen beste modu batean izan. Ama zuzendaritzan dago –presidentea da–, anaia jokatzen, eta ni entrenatzen. Umeak ginenetik aitak kirol hau maitatzen irakatsi zigun, harendako ez zegoelako besterik. Modu batean aitak finkatutako bidea jarraitzen ari gara, harengandik gertu jarraitzeko modua da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario