19 septiembre, 2011

MEMORIAL "PITXI" 2011-2012

Faboritoek jokatuko dute “Pitxi” Herrero Memorialaren finala
Ford Mugarri eta El Pilar izango dira aurrez aurre domeka honetan, goizeko 12:00etatik aurrera, Trapagaran eta Tolosaren aurkako partiduak irabazi ostean.
Isei Barbero / 2011ko irailak 17, zapatua


Pronostikoak bete egin dira, eta 2. Nazional mailako bi taldeek jokatuko dute “Pitxi” Herrero Memorialaren finala. Ford Mugarrik eta El Pilarrek garaipenak erdietsi dituzte zapatuan jokatutako finalerdietan, Trapagaran eta Tolosaren aurka, hurrenez hurren. Final handia domeka honetan izango da, goizeko 12:00etan hasita Iturripeko kiroldegian.

Zapatuko jardunaldian estreinaldiko partidua El Pilarrek eta Tolosak jokatu zuten, eta gasteiztarrak faborito izan arren, gipuzkoarrak sorpresa emateko zorian egon ziren. Partidu osoan zehar tolosarrak aurretik izan ziren markagailuan, eta partidua amaitzeko 5 minutu falta ziren arte ez zuen lortu berdinketa El Pilarrek. Azken emaitza 28-27 izan zen Gasteizko taldearen alde.

590 (id: 8352955)

Ford Mugarriri dagokionez, Ane Herreroren mutilak jaun eta jabe izan ziren kantxan hasierako minutuetatik, eta 5-0eko partziala izatera ere heldu ziren aurreneko minutuetan. Etxekoek argi eta garbi erakutsi zuten zergatik iaz izan ziren 1. Nazional mailara igotzeko fasean, eta aurten bajaren bat edo beste izan arren, pasa den denboraldikoa errepikatzeko moduan daudela argi geratu zen. Azken emaitza 35-11 izan zen Ford Mugarrire alde.

Honenbestez, domeka honetan, goizeko 12:00etatik aurrera , Ford Mugarri eta El Pilar aurrez aurre izango dira Iturripen. Hasiera ezin hobea izango litzateke Ane Herrero entrenatzailearentzat garaipena erdiestea, bere aita zenaren omenezko Memoriala izango bailitzateke bere aurreneko lorpena. Finala baino lehen, 10:30etan, Traparanek eta Tolosak 3. eta 4. postuengatik borrokatuko dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario