12 septiembre, 2012

NESTOR CALLEJA

Nestor Calleja: "Jokatzen aritu naizen urteetan irabaztera irten den taldea izan gara; horrek asko betetzen nau"


20 denboraldi Arrasateko eskubaloi taldean egin ostean, iazkoa amaitu zenean erabaki zuen erretiroa hartzea Nestor Callejak (Arrasate, 1981). Urte asko izan dira eta asko eman dio eskubaloiak baina Callejak berak dioenez, "oso zaila" da hasierako ilusioa mantentzea. Orain bere buruarendako denbora gehiago izango du.

Esan daiteke zurea eskubaloiari lotutako bizitza dela. Noiz hasi zinen jokatzen?
1991n hasi nintzela uste dut, hamar urte nituela. Garai hartan multi-kirolean nenbilen eta ordurako eskubaloia oso gustuko nuen. Gainera, Arrasateko txapelketa irabazi genuen eta ia koadrila osoak eskubaloian jokatzen jarraitu genuen. Beraz, inguruneak ere zuzenean eragin zuen.

20 edo 21 denboraldi guztira, beraz. Guztiak Arrasaten?
Bai, Arrasate Eskubaloi taldean jokatu ditut denboraldi guztiak. Hori bai, duela hamar bat urte Aloña Mendin jokatzeko aukera izan nuen. Eurekin hasi nintzen entrenatzen baina maila oso altua zelako, lan kontuek eraginda eta bestelako arrazoi batzuk direla medio, Arrasatera itzultzea erabaki nuen. Hau da, entrenamendu batzuk egin nituen Oñatin baina ez nuen sekula partidurik jokatu.

Beste klubik ez, baina selekziorik?
Gipuzkoako selekzioarekin jokatu nuen hiru urtetan-edo; esperientzia polita izan zen.

Ford Mugarrirekin egindako zein denboraldi gogoratzen duzu bereziki?
Azken biak, zalantza barik. Oso gogorrak izan ziren baina oso politak aldi berean. Igoera faseak oso politak izan dira: taldearekin kanpora irten, hoteleko kontzentrazioak... Eguneko 24 orduak taldekideekin egotea polita da. Hori bai, kirol arloan ez ziren irteera arrakastatsuak izan...

Argi diozu: bi igoera fase, baina igoerarik ez. Zergatik ez zenuten lortu, zure ustez?
Lehen igoera fasean argi eta garbi geratu zen aurkariak hobeak zirela. Baina iaz ez zen hala izan: etxeko taldea gurea baino txarragoa zen zalantza barik, baina epailearen erabakiek asko baldintzatu zuten partidua. Etxean jokatzeko diru asko ordaindu beharra dago baina gero igartzen da nork jokatu duen etxean eta nor den kanpokoa. Pena handia izan zen, egia esan.

Denboraldi berria eta igotzeko hirugarren saiakera. Aurten bai?
Igoera fasea kanpoan jokatzen badute zaila izango dute, aurreko bi urteetan argi geratu da. Nire gomendioa da igoera fasera sailkatuz gero Arrasatera ekartzea. Noski, horretarako dirua behar da baina kanpora joateak ere gastu handia suposatzen du: bidaia, hotela, otordu guztiak...

Zer eman dizu eskubaloiak?
Lehenik eta behin, osasuna. Kirola maiztasunez egitearen ondorio positiboena da, nire ustez. Horregatik aurrerantzean ere kirola egiten jarraituko dut; bizikleta, korrika egitea, gimnasioa... ez naiz geldi egongo. Eta noski, betirako geratuko diren lagun mordoa ere eman dizkit eskubaloiak. Bestalde, jokatzen aritu naizen urteetan behintzat, irabaztera irten taldea izan gara, eta horrek asko betetzen nau.

Eta zer kendu dizu?
Denbora, batez ere. Aste bukaera gehienetan jokatzea tokatu zait eta beraz, lagunekin egoteko denbora gutxi eta neskalagunarekin kanpora joateko zailtasun handiak. Asko mugatu nau.

Horrek asko eragingo zuen erretiroa hartzeko erabakian, ezta?
Bete-betean. Eta gainera, hasierako urteetako motibazioa mantentzea oso zaila da. Denboraldi asko dira, entrenamendu asko, eta azkenean nekatuta amaitu dut. Adinak eta lesioek uzten duten arrastoek ere bultzatu naute erretiroa hartzera.

Jokatzeari agur esan diozu. Ikusten zara entrenatzaile moduan?
Urte pare bat gutxienez behar ditut deskonektatzeko eta gero denborak esango du. Baina ukaezina dena da eskubaloia bizitza osoan gustatuko zaidala.

Agurtzeko ordua Nestor, zurea da hitza.
Nirekin jokatu duten guztiei eskerrik beroenak. Lagun mordoa egin ditut eta hori betirako geratzen da. Pena handia eman arren, heldu da nire ordua; orain, datozenek har dezatela lekukoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario