18 septiembre, 2012

XABIER ALZELAI

300 (id: 2635451)“Eskubaloia gutxiengoan dagoen kirola da, eta diru-laguntza gutxi jasotzen ditu”
Iazko arrakastaren ostean, orain dela pare bat aste hasi ziren lanean berriro ere Arrasate Eskubaloi Taldeko mutilak. Aurten hiru baja garrantzitsu izango dituzte, tartean Nestor Calleja kapitainarena. Guk taldeko beteranoetako batekin hitz egin dugu: Xabi Altzelai.
 
Iazkoa denboraldi ahaztezina izan zen Arrasate Eskubaloi Taldearentzat, Euskadiko txapeldun izateaz gain, 1. Nazional mailara igotzeko baliagarriak ziren bi faseak ere jokatu baitzituzten. Zoritxarrez, Ane Herreroren mutilek ez zuten merezitako saria jaso, eta aurten berriro ere 2. Nazionalean lehiatuko dute. Taldeak aurten baja garrantzitsuak izan ditu, tartean Nestor Calleja kapitainarena, kirol-ibilbide luzearen ostean eskubaloia uztea erabaki baitu. Xabi Altzelaik (Arrasate, 1985) ere urte dezente daramatza Ford Mugarriko elastikoa defendatzen, 13 urte zituela hasi baitzen kirol hau praktikatzen. Taldearen gorabeherez, eta aurtengo denboraldiko aurreikuspenei buruz hitz egiteko, hitzordua izan dugu berarekin.

Orain direla bizpahiru aste ekin zenioten aurre-denboraldiari. Zelan joan dira aurreneko lansaioak?

Printzipioz ondo; dena den, hasieran sufritu beharra dago, udako etenaldiaren ostean hankak gogor igartzen batira. Hala eta guztiz ere, gogotsu eta ilusioz beterik ekin diogu aurre-denboraldiari. Hasierako entrenamendu hauetan beti lan fisikoaren karga oso handia da, horregatik hein handi batean aspergarriak dira, are eta gehiago uda partean kirola baztertuta uzten dugula aintzat hartuta. Dena den, denboraldiari behar bezala ekiteko egin beharreko lana ere da honako hau.

Zeintzuk dira taldeak aurten dituen berritasunak?
Aurpegi berrien artean, Oskarrek jauzia egin du jubenil mailatik lehenengo taldera. Iazko denboraldiarekin alderatuz, aurten berritasun gutxi dauzkagu, hori baita jokalari berri bakarra. Joan direnen artean, berriz, hiru baja dauzkagu: Nestor Calleja kapitaina erretiratu da, eta Larrañaga anaiek ere alde egin dute: Asier Ohorezko Mailan arituko da eta Mikel Eibarren. Era berean, Australia aldetik dabilen Aitor Txabarri urtarrilean taldera itzuliko dela azpimarratu beharra dago.

Lortuko al duzue aurten iazko arrakasta errepikatzea?
Aurten zailagoa izango da, jende gutxiago baitaukagu. Dena den, saiatuko gara aurreko urteko helburua errepikatzen, eta ahal bada mailaz igotzen. Esaten dute hirugarren saiakeran lortzen direla helburuak, dena den, horretarako gogotik egin beharko dugu lan. Aurten, gainera, gure kategorian bi talde berri egongo dira: Trapaga eta Urdaneta.

Zeintzuk izango dira aurtengo zailtasunik handienak?
Lehen esan dudan moduan, aurreko urtearekin alderatuz jende gutxiago egongo gara taldean, eta horrek partiduetan ordezko jokalari gutxiago izatea suposatuko du. Nire uste apalean, hori izan daiteke aurten izango dugun zailtasunik handiena. Egia da hegaleko jokalari dezente dauzkagula, baina ez da gauza bera gertatzen alero edo lehen lerroko jokalariekin. Zonalde horretarako lau pertsona baino ez gaude, eta denboraldia oso luzea denez, litekeena da jende falta horrek burukominen bat eragitea aurten.

590.2 (id: 2729545)
2011-2012 denboraldiko taldea, aurten jokalari gutxiago arituko dira Ford Mugarriko elastikoarekin.

Calleja moduko jokalari beterano batek taldea utzi ostean, zeinek beteko du bere lekua?
Ez dakit zeinek beteko duen bere tokia. Badago jende asko hainbat urte daramatzana eskubaloian jokatzen, dena den, guztien artean bat aipatzekotan Kepa Isasmendi nabarmenduko nuke. Maila handiko jokalaria da, eta horretaz gain esperientzia ere soberan dauka.

Zein da taldearen indargune nagusia? Eta ahulgunea?
Jokalari azkarrak gara, eta kontraerasoan min handia egiten diegu aurkariei, batez ere pare bat jaurtitzaile oso onak ditugulako: Isasmendi bera eta Bernal. Hori da gure indargune nagusia. Ahulgunea, berriz, atzealdean dagoela esango nuke nik. Defentsako lana hobetu behar dugu.

Klubari begira, zelan ikusten duzu harrobiaren egoera?
Aurten kadete mailan taldea atera nahi dute, dena den, zaila izaten da neska-mutikoek eskubaloian jokatzera animatzea. Gehienek futbola baino ez daukate buruan, eta ez dira konturatzen eskubaloia moduko beste kirol erakargarri batzuk ere hor egon badaudela. Gaur egun jubenil mailan talde polita daukagu, baina harrobia oinarritik landu beharra dago, eta horretarako ezinbestekoa da infantil edo kadete mailan jokalariak izatea.

Zein da eskubaloiaren egoera Euskal Herrian?
Maila altua egon badago, eta horren adierazgarri iaz Zarautz eta Ereintza Ohorezko Mailara igo izana da. Eibar moduko taldeetan ere gazte asko daude, guztiak maila altukoak eta etorkizun handiarekin.

Zeintzuk dira klubaren zailtasunik handienak?
Betidanik zailtasun nagusia ekonomikoa izan da. Eskubaloia gutxiengoan dagoen kirola da, eta diru-laguntza gutxi jasotzen ditu. Honetaz gain, kluben barruan hainbat arazo sortzen dira eta lan asko egin beharra dago, eta horri aurre egiteko ezinbestekoa da jendearen laguntza, tartean jokalariena.

Taldeko beteranoenen artean egon bazaude, noiz eta nola hasi zinen eskubaloian?
13 urterekin hasi nintzen, Eskola Kirola amaitu ostean. Garai horretan kirol bat aukeratu behar genuela esan ziguten, eta bai nik eta baita koadrilakoek ere eskubaloiaren aldeko apustua egin genuen. Orduz geroztik, urtetik urtera jarraitu izan dut kirol hau praktikatzen, eta sekula ez naiz damutu egindako apustuaz.

300.2 (id: 2679962)Denbora honetan guztian, zein izan da unerik gogorrena? Eta Oroitzapenik politena?
Niri begira, lesioak. Iaz, adibidez, zuntzen haustura izan nuen sorbalda aldean, eta horixe izan da agian nire kirol-ibilbideko unerik gogorrena. Oroitzapenik politena, berriz, iaz bizi izandako esperientzia da. Igoera fasea jokatzera kanpora joatea esperientzia ahaztezina izan zen, nahiz eta azkenean helburua ez bete.

Zer esango zenieke herriko gaztetxoei?
Lehen esan dudan moduan, futbolaz gain beste kirol oso erakargarriak ere egon badaudela. Ez izateko burugogor eta eskubaloia frogatzeko, kirol oso polita baita. Zaleak ere ez ditut ahaztu nahi, Iturripera taldea animatzera etortzeko deia luzatuko nieke, hori oso lagungarria baita guretzat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario